Proiektua
Arabako SEADen Lagunen Elkarteak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, komunitatearen partaidetzarako ekimen bat gidatu du azken hilabeteetan. Ekimen horren bidez, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko espoliazioa irudikatzen duen horma-irudia asmatu, diseinatu eta modu kolektiboan margotu dugu, eta herri oso batek bere baliabide naturalen gaineko subiranotasun iraunkorra eta baldintzarik gabekoa gauzatzeko duen borondatea adierazten du.
Sorkuntza artistiko horren bidez, Elkarteak eta proiektu honetan laguntzen duten erakunde eta pertsonek gasteiztarren artean kontzientzia kritikoa sorrarazten lagundu nahi izan dute, eta halaber, nabarmendu nolako ondorioak eragiten dituen sahararrengan 46 urte baino gehiagoz luzatzen den gatazkak eta zeintzuk diren gatazka hori bera konpontzea eragozten duten azpiko arrazoiak.
Gure hirian egindako proiektu honek hainbat fase izan ditu:
- Kanpainari hasiera emateko, maiatzaren 10ean gatazkari, okupazioari eta espoliazioari buruzko informazio-jardunaldi bat egin zen Iparralde Gizarte Etxeko topagunean. Hizlariak hiru gazte saharar izan ziren, Tesh Sidi, Madrilgo erkidegoko Saharar elkartearen presidentea eta WSNS kanpainaren koordinatzailea, Nayua Jatri, UPV/EHUko zientzia politikoetako ikaslea eta ekintzaile sahararra, eta Hasanna Aalia, Lurralde Okupatuetako giza eskubideen ekintzailea eta WSNS kanpainaren sustatzaile eta koordinatzailea.
- Hurrengo urratsean, parte hartzeko hiru tailer egin ziren maiatzaren 17, 24 eta 31n, Kolhormak taldeak dinamizatuta. Tailer horietan, sormena sustatzeko dinamiken bidez, saharar baliabide naturalen espoliazioa irudi batean islatzeko ideiak sortu ziren. Sortutako ideiekin, Kolhormak taldeak horma-irudiaren lehendabiziko zirriborro bat egin zuen, eta taldean aurkeztu zuen; horrek aldaketa batzuk proposatu zituen, guztiek adostutako irudia lortu arte.
- Ekainean horma-irudia margotu zen Mendoza kaleko 17. zenbakian dagoen fatxadan. Horma-irudia margotzeko lanetan 50 bat boluntariok parte hartu zuten, txandatan banatuta, Kolhormak enpresako profesionalen zuzendaritzapean.
- Ekainaren 30ean, horma-irudiaren inaugurazioa egin zen, goizean aurkezpen formala egin zen euskal elkarte eta erakundeekin eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatek bertan parte hartu zuen. Arratsaldean inaugurazioa egin zen jai giroan, bertso saio batekin eta Saharako eta Euskal Herriko musika taldeen kontzertuekin.
Gure hiriko eta saharar errefuxiatuen kanpamentuetako pertsonak eta erakundeak baliabide naturalen espoliazioaren aurkako borrokan batzeko asmoz, horma-irudiaren zati bat Auserdeko wilaiara lekualdatzen da, UJSARIOren (Saharako Gazte Erakundea) eta SAPen (espoliazioaren aurkako sahararren kolektiboa) parte-hartzearekin.
Murala egiteko denbora gutxiago dagoenez, fatxada txikiagoa aukeratzen da, eta lapurtutako produktuen irudiaren zatia soilik agertzen da.
Abenduaren 3tik 7ra bitartean, bertako-erakundeetako eta Euskaditik joandako boluntarioek hartu dute parte fatxada margotzen, Diego Berruete Kolhormak elkarteko kideak zuzenduta.
Ekintza horrek, gainera, sahararren artean beren lurraldeak okupatuta jarraitzeko arrazoi nagusia zein den ezagutarazteko balio izan du; izan ere, horren ondorioz, sahararrak derrigortuta daude leku babesgabe horretan bizitzera laguntza humanitarioaren menpe.