Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuetako horma-irudia
Gure helburua bete dugun bidaiaren ondoren, pozik gaude berriro etxean:
Orain, Auserdeko wilaiako ekitaldi-aretoaren kanpoko horman “Sahara, espoliazioaren aurkako artea” horma-irudia dago. Kolhormak kolektiboaren zuzendaritzapean, Gasteizko boluntarioek eta UJSARIOko eta SAP (Saharauis Againts Plunders) kolektiboko tokiko gazteek mural hau egiten parte hartu dute Saharar Errefuxiatuen Kanpamentuetan, Tindoufen (Aljeria).
Auserden margotutako irudia Gasteizen egindako horma-irudiaren goialdearen erreplika da, non saharar herriak jasaten duen baliabide naturalen lapurreta erakusten den; hala nola olagarroak, tomateak, sardinak eta fosfatoa, espoliazioa adierazten duen sare batean bilduta.
Leire Berzosak, Gasteizen proiektuan parte hartu zutenen artean egindako zozketaren irabazleak, bertatik bertara ezagutu ahal izan du milaka sahararrek bizi duten egoera latza, azken urteotan gogortu dena COVIDaren eta gerrara itzultzearen ondorioz .
Izandako bizikidetza esperientzia bere hitzetan “Benetan bidai abersgarria izan da, alde batetik, sahara herriarekin monentu ikaragarriak eta oso bereziak bizitzeko aukera izan dut, bestalde, kanpamentuetan bizi duten egoerari buruz konzientzia eta ardura hartu eta horren inguruan barne lanketa pertsonala egiteko aukera izan dut”.
Horman pintatzen egon garen egunetan, asko izan dira jakin-minez eta muralaren zergatia jakiteko gogoz hurbildu direnak. Horrek, beste behin ere, erakusten du nolako garrantzia duen prestakuntza-, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak egitea eta artea oso tresna indartsua dela hainbat kolektibotara iristeko. Espoliazioa baita okupazioa betikotzen duen gakoa Mendebaldeko Sahara eta herritar kontzientziatuak izatea da gatazka konpontzeko lehen urratsa.