Gerra berriz ere

2020ko azaroan, Marokoren eta POLISARIO Frontearen arteko su-etena hautsi zen, 29 urtez iraun zuena, saharar herria okupazioaren eta erbestearen artean bananduta utzi zuen gerra luze eta odoltsu baten ostean. Konponbidea bilatzeko nazioarteko komunitateak ez du eraginik izan eta alde batera utzi du egoera. Horrek gogaitzea eta higadura ekarri ditu eta orain gerra eta ziurgabetasuna batu dira agertokira.

Garai batean Espainiako probintzia eta kolonia izan zen Mendebaldeko Sahara, eta, Nazio Batuen Erakundeak ezartzen duenez, ez da lurralde autonomoa eta deskolonizatzeke dago. Bada, lurralde horrek denbora luzez izan du gatazka Marokorekin, ia mende erdiz. Orain, gainera, armak berriz hartu dituztenez, are zailagoa du lurraldeak irteera duina bilatzeko, Saharar Herria askatasunez erabaki ahal izateko.

Martxoaren 18an, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak bidalitako gutun bat argitaratu zuen Marokok. Haren bitartez, Marokok eginiko autonomia-proposamena babestu zuen Sánchezek, zioenez, gatazkari eman ahal zaion konponbide sineskor bakarra baita. Horrek aurka egiten dio Nazio Batuek Saharar Herriarentzako 1991n ezarri zuten bidezko konponbide bakarrari, alegia, autodeterminazio-erreferenduma egiteari; gutunak errotik moztu du aukera hori.

Gatazkaren mamian dago Marokok Mendebaldeko Saharako baliabide natural ugariez jabetu nahia. Erreinu Alauiak bereak izango balira bezala ustiatu eta merkaturatzen ditu eta, gainera, saharar zorua enpresa transnazionalen esku jartzen du. Etekinak, ordea, ez dituzte jasotzen Mendebaldeko Saharak eta saharar biztanleek.

Staffan De Mistura diplomatiko italiar-suediarrak –duela gutxi Nazio Batuetako idazkari nagusiaren Sahararako ordezko berezia izendatu dute–, ingurua bisitatu zuen 2022ko urtarrilean eta gatazkako bi aldeekin elkarrizketatu zen, Algeria eta Mauritania ondoko herrialdeekin ez ezik. Hala ere, haren aurrekoek bezala, ez du arrakastarik izan nazioarteko legeria betetzen duen konponbiderik aurkitzeko. Bestalde, Nazio Batuek 1991n ezarri zuten misioa, autodeterminazio-erreferenduma prestatzen laguntzekoa, MINURSO izenekoa, urtero berritzen da, gaur egunera bitartean erreferendumik egin ez bada ere. MINURSOk giza eskubideen behaketa haren mandatuan gehitzea ere ez da lortu. Beste gatazka batzuetako Nazio Batuen misioek, ordea, alderdi hori barne hartzen dute eta aukera emango lieke saharar biztanleei babes-tresna forma bat izateko.

Intentsitate txikiko gerra izaten hasi zena –eremu askatua eta eremu okupatua banantzen dituen harresiaren inguruan– hedatu da eta intentsitate handiagoa hartu du. Erasoak egin dizkiete zerbitzu estrategikoei, droneekin, adibidez, ur-hornidurako kamioiei. Hiriguneetan eta Mauritaniara daramaten bideetan eraso egin dute ere bai –ondoko herrietako merkatariak ibiltzen dira horietatik–, eta, gutxienez, 20 biktima zibil egon dira. Azken urteetan eremu askatuetan ezarri ziren familia asko mugitu behar izan dira behartuta eta beste askok Tindufen, Aljerian, saharar biztanle errefuxiatuen kanpamentuetara itzuli dira.